
Errenteriako Udalak Mariasun Landa sarien 14. edizioa antolatu du aurten. Udalaren arabera, sari horiek Berdintasunerako Planak jasotzen dituen helburu hauekin lotuta daude: “Errenteriako emakumeen ekarpena aitortzea eta balioan jartzea” eta “herriko emakumeek egindako ekarpenetan sakontzen jarraitzea, izen propioak argitara ekarriz”.
Zehatz-mehatz, proposamena herriko emakumeen ekarpena agerian jartzea eta argitaratzea da; aitortza publikoa egitea, alegia. Baina baita beste emakume eta herritarrentzako ereduak eskaintzea ere. Eta hala da ekarpen horiek eta emakumeak berak oharkabean pasatu direlako denbora luzez, eta ez nahi gabe. Azken batean, emakumeak eta haien ekarpena ikusezin mantentzeak emakume-eredu bakar bat uzten digu: sistema patriarkalari unean-unean ondo datorkiona.
Eredu hori aldakorra izan da gizadiaren historian zehar. Batzuetan, (etxetik kanpoko) emakume langilearen eredua sustatu da, eta beste batzuetan, berriz, ama eta emaztearen eredua. Horregatik, haurrek (eta batez ere neskek) eredu anitzak izatea komeni da. Genero-estereotipoak eta horien ondoriozko rolak normalizatzen baldin badituzte, nekez jakingo dute nor diren eta zer nahi duten, eta, nahasmendu horretan, kanpotik esaten zaiguna errazago sinesten da, zaurgarriagoak gara.
Atzera begiratuz, esfera publikoaren plaza erraldoiak eta esfera pribatuaren txoko ñimiñoak zeharkatzen gaituen mundu-ikuskera ondu dute, eta inkontzienteki egiten ditugun asoziazioetan txertatu zaizkigu: handia dena ona eta garrantzitsua da; txikia dena, aldiz, hutsala eta ezdeusa. Eta abar. Hortaz, emakumeen ekarpen ezkutatuak argitara ekartzeko ez ezik, horrelako sariek balio dezatela gugan errotuta dauden sinesmen horiek alderantzikatzeko ere.
Izan ere, zer dira genealogia feministak? Zerk edo nork merezi du kategoria horretan sartzea? Oro har, genealogia feminista emakumeen eta feminismoaren memoria historikoa berreskuratzea dela esan daiteke. Menderatze-sistema jakin batean hezten gaituztenean, berez etorriko zaizkigun irizpideak sistema horrenak dira. Horixe lehertu behar dugu.
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/gipuzkoa/bertan/2024/03/09/errenterian-gertuko-eredu-feministak-7978170.html